Aurtengo leloarekin, Stream IT, Euskal Encounterrek streamingaren alde egindako apustua adierazi nahi izan du. Konkretuki, bideo-joko partidak zuzenean Internet bidez igortzeak ikus-entzunezkoen kontsumoan eragindako iraultza nahiz sortu diren negozio aukera berrien aldeko apustua. Zentzu horretan, Euskal Encounterren 27. edizioa zuzenean Twitch bidez jarraitu ahal izatea streamingarekiko konpromisoaren erakusle da, baita Ominiscon sari-banaketa eta GameguneTV saioa online ikusi ahal izatea ere.
Streamingaren hazkundea izugarria da. Datu orokorrak kontuan hartuta, 3.000 milioi streaming-aplikazio monitorizatzen dituen Convisa informearen arabera, edukien kontsumoa bikoiztu egin da azken urtean eta, egun, 10.000 milioi ordu baino gehiago igortzen dira urtean streaming bidez.
Gainera, eduki hornitzaile guztiek hobetu dituzte euren ikusle datuak. Honela, eduki mota ezberdinak igortzen dituen baina bideo-joko partiden nahiz eSports txapelketen zabalpenean liderra den Twitch plataformak %35eko gorakada izan du 2019ko lehen hiruhilean eta erabiltzaileek 2.700 milioi ordu eduki ikusi dituzte denbora tarte horretan. Azken urtean, plataforma horretan dirua irabazten duten pertsonen kopurua %223 igo da, plataformak dituen 27.000 streamer bazkideei (bideo-joko batera jolastu edo joko bat komentatzen eta zuzenean igortzen duten pertsonak) eta 150.000 streamer afiliatuei esker, eta egunero dituen 15 milioi ikusleengatik ere.
Omnis Club streaming edukiak hornitzeaz arduratzen den enpresaren sortzailea den Alex “Alxshow” Robleñok bere negozioak duen errentagarritasuna “industria honek duen garapen mailaren erakusle” dela dio. Nahiz eta egindako edukiak orokorrean “aisialdi eta denbora pasarako” izaten diren, streamingak ireki dituen lan eta negozio aukerak handiak dira.
Streamerrak euren edukiarekin etekin ekonomikoa ateratzeko duten bideetako bat euren produktuak ezagutarazi eta saldu nahi dituzten marken publizitatea egitea da. Robleñok enpresentzako aukera oso erakargarria dela uste du: “Badago gizarte-estratu bat zeinak ez duen ez prentsa ez telebista kontsumitzen. Beraz, oso zaila da talde horri publizitatea euskarri tradizionalen bitartez helaraztea. Streamerrak publiko honengana iritsi daitezke”. Hori dela eta, 16-34 urte bitarteko kontsumitzaileei interesatu diezaieketen produktuetan publizitatea egiteko leku aproposa da hau.
Eduki sortzaile profesionalez gain, badaude hobby moduan eta ongi pasatzeko bideoak sortzen dituzten streamerrak ere. Hau da Carmen Rosado Morenoren kasua, ohiko profiletik urruntzen den berrogei urtetik gorako streamerra. Bai adina eta baita egiten duen edukiagatik ere da desberdina. Izan ere, zuzeneko bideoetan kuzinatzen erakusten du, modu dibertigarrian. Rosadok modu atseginean igortzen du bere eduki konkretua, eta hori da, hain zuzen, jarraitzaileen demanda nagusietako bat.
Streamer talde batekin etorri da Robleño Euskal Encounterrera. Talde honetako da Carmen Rosario. Taldeak arratsaldean hartuko du parte Omniscon sari-banaketan. Bertan, online bozketa baten ostean, Estatuko streamer nagusietako batzuen lana aintzat hartuko da. Beste alde batetik, atzo ospatu zen GameguneTV-ren saio berria Opengunen. Saioan, bideo-jokoen munduko gaurkotasuna aztertu zen, eta bertatik nahiz online jarraitzeko aukera izan zuten ikusleek, atzo eta gaur ospatu diren Gamegune bideo-joko txapelketako partidak bezala.