Ingurumenarekin konprometitutako Euskal Encounterra

Ekologiak eta ingurumenaren zaintzak ezinbesteko lekua dute aurtengo Euskal Encounterren, neurri jasangarriak hartzeaz gain, gaiaren inguruko hitzaldiak eman eta standak ezarri baitira Opengunen, bisitari ugari jasotzen ari den publikoari irekitako eremuan.

Euskal makroekitaldi informatiko eta teknologikoak ingurumenaren zaintzarekin duen konpromisoa agerian utzi nahi du Ihobek (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak) ematen duen Erronka Garbia ziurtagiria eskuratuz. Ziurtagiria jasotzeko, Euskal Encounterrek metodologia jasangarria ezarri du birziklapena sustatzeko eta energia eta ura aurrezteko, beste helburu ekologikoen artean. Metodologia honi esker, partyak ekitaldi jendetsuei lotutako inpaktu negatiboak murriztea lortuko du.

Topaketa guztian zehar zabaldutako gaikako bilketa edukiontziez gain, Euskal Encounterraren egoitzak berak baliabideak aurreztea ahalbidetzen du. Izan ere, BEC-ek ura aurrezteko sistemak ditu ezarrita, zurrusta-hausteko txorrotak, ur emaria murrizteko sistemak edo deskarga bikoitzeko zisterna, besteak beste, baita momentuko argi-beharrei moldatzeko gaitasuna duten LED argiak ere.

Garraio publikoaren aldeko apustua ere egin dute antolatzaileek, BEC-aren eraikina oso ondo komunikatua baitago eta webgunean garraio aukera zabalari buruzko informazioa azaltzen baita. Bestalde, ekitaldiak aspalditik du osagai elektronikoen truke-puntua. Bertan, parte-hartzaileek nahi ez dituzten aparatuak edo osagaiak birziklatu edo berrerabili egiten dira. Gainera, neurri guzti horiek monitorizatuak daude ekitaldiaren ingurumen-inpaktua kalkulatzeko.

Aldi berean, Erronka Garbia ekimenak partyaren bisitariak kontzientziatzea du helburu, standean Euskal Encounterrek hartu dituen neurrien nahiz proiektu osoaren inguruan ematen zaien informazioaren bitartez. Gainera, gaikako bilketarekin erlazionaturiko sentsibilizazio jarduerak ere antolatzen dituzte. Ostegun eta ostiral goizean 300 pertsonek hartu zuten parte standeko dinamiketan, eta sariak jaso zituzten jardueretan egin zitzaizkien galderei zuzen erantzuterakoan.

Openguneko beste geldialdi berdeetako bat, Waste 4 think standa da, Europar Batasunak finantzatutako proiektua. Bertan, ekonomia zirkularra, berrerabiltzea eta hondakinen bereizketa sustatzen dira. Datorren azaroan bukatuko den proiektu pilotu hau, profil desberdina duten lau herri europarretan ezarri da: Zamudion (profil industrialeko herri bizkaitarra), Cascais (Portugaleko herri turistikoa), Seveso (Italiako bizitegi-gunea) eta Halandri (Greziako negozio gunea). Udalerri horietako bakoitzak hondakinak kudeatzeko sistema ezberdina izan du eta, bertan ateratako ondorioek, teknologia eta zaborra ordaintzeko sistema hobetzea ahalbidetuko dute. Hau da, hondakin motaren eta kopuruaren araberakoa izango da ordainketa etorkizunean, birziklapena sarituko delarik birziklatu ezin den zaborraren aurrean.

Ekimen honen sortzaileen ustez, lau udalerri hauetan ezarritako hogei konponbide jasangarrien bitartez, CO2-aren isurtzea %10 murriztu, birziklapena %20 gehitu eta kudeaketaren gastuak %10 merketzea lortuko da. Hau Euskal Encounterren egindako hitzaldi batean azaldu dute. Bertan, “Virtual Cities” izeneko “bideojoko serio” batean lehiatzera animatu dituzte ikusleak. Jokoan, birtuala den hiri batean ekonomia zirkularra erronka ezberdinen bitartez sustatzea da helburu. Proiektuaren arduradunak adierazi bezala, “gakoa, pentsatzeko modua aldatzean dago. Helburua kontsumoan oinarritutako ekonomia, zaborra hondakinarengatik aldatuko duen ekonomia zirkularrera pasatzea da. Izan ere hondakinak berrerabili eta bigarren edo hirugarren bizitza izan dezakete”.

Hitzaldien agendan, energiaz modu ekologikoan hornitzeko aholkuak eskaini dituzte. David Gayak, Planeta Verde TV Youtubeko kanaleko aurkezleak, 12 volteko eguzki energia sorgailu batekin modu jasangarrian nola bizi azaldu du, droneen bateria, haize-emaile nahiz berogailu bezalako dispositiboak nola elikatu daitezkeen jakin dezagun. National Geographic telebista kanaleko standean bestalde, itsaso eta ozeanoetako ur gainetan dauden plastiko kopuru handien inguruan kontzientzia piztu nahi izan dute. Euskaltel TV-en ikusi daitekeen kanalak, gainera, jasotako plastikozko ontzien ordez, birziklatutako materialekin egindako boligrafoak banatu dituzte.

Antolatzailea

Euskaltel Konekta
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch