Gaur goizean, Euskal Encounter ekitaldiaren aurkezpena burutu da Bilboko Azkuna Zentroan. Bertan, Euskaltel Konekta fundazioko arduradun eta Euskal Encounterreko antolatzaile den Sabino San Vicentek, 27. Euskal Encounterra, “teknologia, ekintzailetasuna eta berrikuntza besarkatuko dituen gunea” izango dela azaldu du. Informatikari profesional eta zaleen arteko topaketa honetan, berrikuntza garrantzisuak egongo dira. Stream IT izango da aurtengo goiburua, eta streaminga izango da ardatz nagusia. Honen inguruan arituko dira Omniscon, Estatuko streamer onenei zuzendutako sari-banaketa eta zuzenean arituko den GameguneTV programa. Gainera, doako eremua eta ikuslegoari irekita egongo den Opengune inoiz baino indartsuago dator. Bertan, 60 formazio eta entretenimenduzko ekintza baino gehiago egongo dira, helburua 15.000 bisitaritik gora biltzea izango duelarik.
Bihartik eta igandera bitarte, Euskal Encounterrek 5000 parte hartzaile baino gehiago jasoko ditu 50.000 metro karratuko azaleran. Horietako bakoitzak segundoko 60 gigabiteko abiadurara konektatutako ordenagailu bat izango du. Zazpi futbol zelairen tamainako azalera duen eremua izango da, Euskaltel Taldeko marketing zuzendari den Koldo Unanueren hitzetan. Honek Euskaltelek Euskal Encounter bezalako ekitaldiekin duen konpromisoa eta baita Euskadi, Europan zehar erreferente teknologikoa izateko, teknologia berrien zabalkundean duen papera gailendu du. Gainera, birziklatze, ura eta energiaren erabileraren murrizketa bezalako ekintzekin, edizio honetan ingurumena zaintzeko enfortzua egingo dela adierazi du. Ekintza on hauen bitartez, Erronka Garbia, ingurumenarekin jasangarria den ziurtagiria lortzen saiatuko da topaketa.
Bestalde, SPRI taldeko Teknologia eta Berrikuntza saileko zuzendari den Aitor Cobanerak euskal partyan gertatzen den digitalizazio eta industria 4.0-ren arteko bateratzea azpimarratu du. Edizio honetan, haur, gazte eta helduei zuzendutako hitzaldi eta ekintza aukera zabala egongo da. SPRIk eskainiko dituen doako prestakuntza-ekintzen artean, haurrentzako robotika eta led tailerrak aurkitzen dira, gazteen teknologia grina sustatzeko helburuarekin. Bestalde, Enpresa Digitala elkarteak zibersegurtasuna eta marketing digitalari buruzko tailerrak eskainiko ditu.
Azkenik, Sabino San Vicentek streamingak eta Opengunek edizio honetan izango duten garrantzia azpimarratu du. Euskal Encounter streaming komunitatearen erreferente bilakatu nahi du, Twitch bezalako plataformen bitartez aukera laboral berriak aurkitu dituzten eduki-sortzaileen erreferente, alegia. Horretarako, euskal partyak Omniscon sari-banaketaren bigarren edizioa ospatuko du, “streamerren Oscarrak” bezala ezagutzen diren sariak, eta bideo-jokoen industriaren profesional ezagunek hartuko dute parte bertan. Gainera, GameguneTv saioak bideo-jokoen gaurkotasuna aztertuko du eta zuzenean filmatu eta igorriko da Opengunen. Bi ekitaldiak zuzenean jarraitu ahalko dira, baita streaming bitartez ere.
Aldi berean, Opengune “apustu indartsua” da aurten, “urteko protagonista”, eskainitako jarduera eskaintza zabalari esker: BEC-eko 3. pabilioiaren 15.000 metro karratu hartuko dituzten hitzaldiak, tailerrak, marka ezagunen standak, robotika, bideo-jokoak, 3D inprimagailuak edo droneak, besteak beste. Opengunearen “helburua partyaren ezagutza gizarteratzea da”, bisitari guztiekin ezagutza horiek partekatuz. San Vicentek laburtu duen moduan, antolatzaileek egitasmo honetan bilatzen dutena “ezagutzak partekatzea, elkarrekin egotea eta proiektu berriak sortzea da” eta, zentzu horretan, The Lab izeneko jarduerei esker Euskal Encounter, lau egunetan zehar, euskal startupen elkargunea da.
Euskaltel Konekta Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, SPRIren bitartez. Gainera, Euskaltelen teknologiari esker, topaketak segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexioa eskainiko du. Abiadura horrek munduko ekimen azkarrenen artean kokatzen du Euskal Encounter.